edo
Jatorrizko artikulua: Urko Apaolaza: Atez atekoaz hamar gezur handienen rankinga

%80a birziklatzen dugunok, asperduratik barregurara pasatu gara errausketa zaleek atez ateko hondakin bilketaren kontra jaurtitzen dituzten argudioak entzutean. Gipuzkoako 34 udalerritan jarriko dute martxan eta jadanik horietako batzuetan hasi da ohiko bonbardaketa mediatikoa. Hernanin  badira ia bi urte hasi ginela, eta esperientzia horretaz baliaturik, ranking moduko bat egitea otu zait, gure kuboan oraindino anakondarik ez dela agertu erakusteko. Jaun-andreok, hemen dituzue atez atekoaz esaten diren hamar gezur handienak:

1- Zikina da. Hori dioenak ez du inoiz bere etxeko komuna garbitu, ez ditu bazkaritako ontziak garbitzen. Organikoarentzako kuboa norberarena da, hala ulertzen dugu, eta platerak, komun-zuloa edo leihoak garbitzen diren moduan garbitzen dugu gure kuboa.

2- Kiratsa dario. Gezurra borobila. Organikoari ez dio denborarik ematen usainik botatzeko, maiztasunez jasotzen delako. Paperak, plastikoak eta janariak poltsa itxi batean nahastuta jartzen badira, orduan bai, orduan usaina azkar zabaltzen da. Atez atekoak hori saihesten du. Dena den, trukoak daude, arrain-hondakinak sukaldeko-paperarekin biltzea eta abar. Zaborrak zabor izateari uzten dio bereizita jasotzen den unetik.

3- Ezin izango dut arrainik erosi! Lasai. Lehendabizi lasaitu. Eta gero irakurri aurreko erantzuna. Legatza saltsan da nire espezialitatea!

4- Ez da erosoa. Jakina, eta txamarra eta botak jantzita euripean ibili behar izatea kontenedorea dagoen tokiraino, oso erosoa da. Kontenedoreko tapa astun eta zikina (hori bai zikina!) altxatzean hainbat egunez usteltzen egon den zaborraren (hori bai zaborra!) perfumea usaintzea, oso atsegina da. Atez atekoa egiten dugunok etxeko zapatilatan jaisten dugu “basura”, santiamen batean.

5- Gure barrioko blokeetan nola egingo da ba? Hernaniko kaxkoan egiten bada, edozein tokitan egin liteke. Bi urteren buruan behin bakarrik utzi digute kuboa jaso gabe, 2011ko azaroko uholde handiak izan zirenean. Atez ateko bilketak herri txikietarako baino ez duela balio sinetsarazi nahi izan dute errausketa-zaleek. Baina sistema malgua da eta edozein tokitan egin liteke: ordutegiak moldatuz, espazio fisikoak egokituz, garraio sistema samurragoak erabiliz… Hiri ugaritan biltzen dira hondakinak atez ate (Bruselan, San Frantziskon, Sidneyn…) eta biztanle dentsitate handiko herri askotan ere bai. Adibidez, Kataluniako Canet de Mar-en 2.400 biztanle bizi dira kilometro koadroko, Donostialdeko bikoitza, eta Espainiako Ingurumen ministerioak sari bat eman zion hondakinak porta a porta jasotzen izandako emaitzengatik!

6- Inposizio bat da. Izatekotan, Europako araudiak inposatzen du, organiko guztia bereizita jaso behar dela baitio. Antolatuko al zenuke herrian erreferendumik pixa kalean egitea baimentzeko? Semaforo gorria saltatzea zilegi al da? Zergatik inposatzen zaio herritarrari zaborra kontenedoreetara botatzea… eta etxeko leihotik bota nahi badu? Bere zaborra da, ezta? Kutsatzeko eskubiderik ez dugu, gure ondorengoen biziaz ari garelako.

7- Garestia da. Ez bost kontenedoreko sistema baino garestiago. Biltzea garestiago da lan-esku gehiago behar delako (lanpostu gehiago ere bai); baina birziklatzen dena askoz gehiago denez, eta zabortegira (edo balizko errauskailura) botatzen dena askoz gutxiago, diru iturri oparoa bihurtzen da eta konpentsatzen du. Hernanin hilero 47.000 euro aurrezten dira zabortegira askoz tona gutxiago botatzen direlako. Badakizu zenbat gastatuko den errauskailuarekin? Iturri batzuen arabera 1.000 milioi euro!

8- Organiko gehiegi bilduko da. Hori da Gipuzkoako politikariren baten ahotik entzun duguna. Organiko asko biltzea ez da txarra, organiko hori ezin konpostatzea da txarra. Azpeitiko Lapatx-eko konpostatze plantan bere gaitasunaren bikoitza jasotzen dute uneon. Alternatiba moduan Nafarroara eta Lapurdira eramango du Gipuzkoako Aldundiak oraingoz materia organiko hori. Gipuzkoako hondakinen planak hiru konpostatze planta aurreikusten ditu, baina errausketa-zaleen interesak medio, bat besterik ez da egin. Dena den, Debagoienako Mankomunitateak udaberrirako beste konpostatze planta bat irekitzea espero du. Konpostatze planta bat irekitzea errauskailu bat egitea baino berrehun aldiz merkeagoa da. Eta zertarako nahi dugu hainbeste konpost? Galdetuko du baten batek. Hobe konposta zaborra baino. Konpostak erabilera ugari ditu, ez bakarrik lorategitarako, gure mendi ihartuak biziberritzeko ere bai.

9- Errauskailua berdin beharko da. Gezurra borobil-borobil-borobila. Atez atekoarekin %85etik gora ere birziklatu daiteke (Antzuolan %90 birziklatzen dute). Geratzen den apurra, hondakin “inertea” da (kutsatzen ez duena) eta ez legoke arazorik edozein tokitan biltzeko, erraustu behar izan gabe, obretako lurra harrobiak berreskuratzeko biltzen den bezalaxe. Dena den, horrela hasita, ez da egia errauskailuarekin zabortegien aroa amaitzen denik: errauskailutik ateratako eskoriak eta errauts toxikoak zabortegi batean bildu beharko dira (Mutiloan, agidanez), eta askoz arriskutsuagoa izango da.

10- Begira, begira… nola dauden atez atekoa egiten den herrietan. Bai, esaten dute Hernanin arratoi-matoi batzuek mutiko bat eraso zutela kuboa hartzera zihoanean. Eta txotx denboraldia bertan behera geratu omen da jenderik ez datorrelako. Eta zabormendiak ei daude lehen parkeak zeuden tokian. Eta… ring-ring! Esnatu!

Amaitzeko ohar bat kontu honekin hasi berri diren 34 udalerritako lagunentzat. Normalean, atez atekoa ezarri baino hilabete batzuk lehenago eta beranduago, fenomeno paranormal bat gertatzen da. Alderdi batzuetako zinegotziei halako gaitz arraro batek jotzen die, gutunitis-a edo prentsa-oharritis-a dei diezaiokegu. Hauteskundeak gertu daudenean ere eman liteke eta herritarren umorean eragin dezake. Hernanin, adibidez, 32 kasu gertatu ziren soilik Hernaniko Kronikan atez atekoa ezarri aurretik eta ondoren. Beraz, pazientzia. Animo eta ongi etorri selektiboen mundura!

[Eguneraketa: 2011ko otsailaren 27a]

Atez ateko hondakin bilketaren inguruko hainbat lotura doakizue segidan, sistema horri buruzko informazioa,  argudioak, iritziak, elkarrizketak, datu bitxiak eta abar.

2007an Novotec enpresak Gipuzkoako edukiontzi grisaren (errefusa) karakterizazioa egin zuen. Bertan ikus daiteke oso gutxi dela birziklatu ezin daitekeen materiala (ez da %10era iristen). Hemen ikus liteke azterketa.

Atez atekoa ezarri den Gipuzkoako herrietan bereiztuta bildutako hondakinak %80 inguruan daude. Datuak San Marko Mankomunitatearen webgunean ikus daitezke (2010eko abuztura arte). Datu horiek hainbat erakunderen bidez bildu ohi dira (Aldundia, Mankomunitatea, Ecoembes, Ecovidrio…). Bestalde, Antzuolan %92 birziklatu zuten atez atekoa ezarri eta lehenengo sei hilabeteetan. Datuak atez ateko batzordeko teknikariek eman zituzten, hemen daukazue albistea Goiena aldizkarian.

Hondakinak atez ate biltzeko eredu eta modu asko daude munduan. Toki bakoitzeko ezaugarrietara moldatzen da eta jatorrian ahalik eta gehien bereiztea du helburu. Hemen  horietako batzuk:

-          http://www.raccoltaportaaporta.it/ webgunean Italiako Cosmari partzuergoak hondakinak atez ate nola biltzen dituen ikus daiteke. 240.000 biztanleri ematen dio zerbitzua.

-          Italiako Monza-ko nekazal eskola aitzindariak atez ateko esperientziaz atondutako txostena: http://www.slideshare.net/andoni63/esperintzia-di-racolta-porta-a-porta-en-italia

-          Salerno hiriko (140.000 biztanle) web gune ofizialean atez atekoaren inguruko datuak azaltzen dira: http://www.comune.salerno.it/client/scheda.aspx?scheda=653&stile=2&ti=2

-          Napoliko hirian auzo ugaritan egiten da atez atekoa, hemen dituzue bertoko alkateak argitaratutako ordenantzak sistema horren ezarpena arautzeko: http://www.asianapoli.it/portaaporta/regole.htm. Bilketa zehazki non egiten den mapa interaktiboa (http://www.asianapoli.it/sit/) ere badu Asianapoli enpresak eta hemen azaltzen du bilketaren informazio orokorra (http://www.asianapoli.it/portaaporta/raccolta.htm). Napoliko komunako webgunean ere badago informazio praktikorik (http://www.comune.napoli.it/flex/cm/pages/ServeBLOB.php/L/IT/IDPagina/8264)

-          Erroman milioi bat lagun atez ateko hondakinak bereizten. Bideo bat.

-          Novara hirian (108.000 biztanle) atez ateko bilketarekin lortutako emaitzak (%70 biltzen da bereiztuta): (http://www.assanovara.it/assanovara/contenuti/azienda/progetto_di_raccolta_differenziata_porta_a_porta.aspx)

-          Capannori herrian 2020an zero zabor izatea nahi dute. Hemen bideo bat.

-          Belgikako Namur hiriko adibidea (100.000 biztanle). 2009tik materia organikoa atez ate biltzen hasi dira: http://www.environnement-namur.be/gerer-ses-dechets.php

-          Frantziako Niort hiria (60.000 bizt.) lehenengotakoa izan zen hondakinen atez ateko bilketa ezartzen: http://www.agglo-niort.fr/-Collectes-en-porte-a-porte-

-          Atez atekoa Paris ondoko Chevreuse bailaran: http://www.siom.fr/Contenu.asp?article=38&arbo=282. Kale estuetan bilketa egiteko mini-kontenedoreen sistema bat ere erabiltzen du.

-          Ingalaterrako Friends of the Earth elkartearen aholkuak hondakinak atez ate jasotzeko: http://www.foe.co.uk/news/doorstep_recycling_survey.html

-          Europako Zero Zabor mugimenduaren webgunea: http://www.zerowasteeurope.eu/

Katalunian hondakinak atez ate biltzen dituzten udalerrien elkarte sendoa dago. Hauxe da elkartearen webgunea.  2000. urtean hasi ziren hainbat udal atez atekoarekin eta kopurua haziz joan da, egun 80 udalerrik osatzen dute elkartea. 2010ean atez atekoaren inguruko gida garrantzitsu bat argitaratu zuten, gaiaz jantzi nahi duenarentzat ezinbestekoa, hemen duzue lotura: http://www.portaaporta.cat/documents/arxiu_portaaporta_101.pdf

Hernanin Zero Zabor taldeak lan asko egin du urte hauetan jardunaldiak eta ekitaldiak antolatzen eta zero zabor filosofia zabaltzen. Bertoko kideek iritzi sorta publikatu dute Hernaniko Kronikan atez atekoaren aldeko eta errauskailuaren kontrako pisuzko argudioak emanez. Hemen dituzue horietako batzuk:

-          Hernanin atez ateko zabor bilketa laster

-          Eta intzineradora?

-          Bosgarren kontenedorearen numeroak

-          Atez atekoak balio al du herri eta hiri handietarako?

-         Intzineradorak 100 kilo kixkali, eta 24 kilo eskoria sortu

-          Birziklatzeko obligazioa, eta kutsatzeko eskubidea

-          Gezur bonben azpian, ondo egiten jarraitu

-          Bosgarren edukiontzia eta supiztaileen gezurrak

-          Errauskailua: orain txantaje gezurtia

Gipuzkoako hondakinen planak (PIGRUG) 2002 urtean onartzen zuen atez ateko bilketa (derrigorrezkoa) efektiboagoa zela bilketa boluntarioa baino, “kalitate eta kantitate aldetik”. Horretarako Italiako esperientziak aipatzen zituen. Planaren edukien 109-110 orrialdeetan ageri da atez atekoaren inguruko informazio hori. Gero, 2008an planaren “aurrerapen dokumentua” egin zenean, erreferentzia hori kendu egin zen.

“Zabor turismoa” moduan ezagutzen denaz Roberto Carvallo aditu italiarrak zera esana du Hernaniko Kronikan egindako elkarrizketa batean: “Hondakinen turismoa patologia bat da, eta ohitura baten aldaketa garaira mugatzen da. Patologia guztiek bezala, honek ere bere medizina dauka, medizina naturala. Herritarrak lehen hilabetea bukatzerako konturatzen dira errazagoa dela zaborra bereizi eta etxe atarian uztea, beste herri batera kotxean eramatea baino”.

Bakartxo Mendez Legorretako alkateari elkarrizketa interesgarria egin dio Berria egunkarian Ainara Arratibelek. Atez atekoaren inguruko zalantzak argitzen saiatzen da Mendez, eta besteak beste, honakoa dio: “Herritarren parte hartzea gure programako ardatz nagusia da. Hondakinena denek dugun arazo bat da, eta guztion artean eraiki beharko dugu konponbidea. Haiei gure asmoen berri azalduko diegu, zergatik uste dugun atez atekoa dela sistemarik egokiena zaborrak biltzeko. Behin hori eginda, haien ekarpenak jasoko ditugu. Prozesu guztian hartuko dugu kontuan herritarren iritzia”.

Argian atez atekoen aldekoen eta kontrakoen arteko aurrez aurrekoa argitaratu genuen. Hernaniko EAJko zinegotzi Andoni Amonarraiz eta orduan Hernaniko alkate zen Marian Beitialarrangoitia bildu genituen. Erosotasunaz, operatibotasunaz, diru-kontuetaz, ingurumenaz… hitz egin zuten bertan. Bataren zein bestearen iritziak irakurtzeko sartu hona: http://www.argia.com/argia-astekaria/2249/atez-ateko-bilketa-alternatiba-versus-galbidea

Argian beste zenbait erreportaje eta artikulu irakurri ditugu hondakinen kudeaketaren inguruan. Hauek dira batzuk:

-          Larrun: hondakinen kudeaketa ereduak.

-          Atez ateko zabor bilketa: kontainerrik gabe, herria garbiago.

-          Auzolanean zaborrik ez eta konpost hobea.

-          Konposta eta birziklapena: etxetik garbitzen da herria.

-          Dominique Belpomme: “Pestizida eta erraustegiak gizateriaren aurkako krimenak dira”.

-          Zer da gehiago, zazpi ala hiru?

Debagoiena mankomunitateak webgune berezia du atez ateko bilketaren inguruan, Hondakinekin Selektiboak Gara izenekoa, bertan atez atekoaren inguruko ohiko galderei erantzunak ematen saiatzen dira: http://www.hondakinekinselektiboakgara.com/ohiko-galderak/

Maialen Lujanbio Euskal Herriko bertso txapeldunak atez atekoaren defentsan egindako manifestu irakurketa ikusteko aukera hemen, eta testua irakurtzeko aukera hemen.